2010/10/19

KONKISTA ULERTZEA.

Pello Monteano

“Gure helburua 1512 eta 1529 bitarteko urte traumatikoetan zer eta zergatik gertatu zen ulertzen saiatzea baldin bada, halabeharrez, ikerlan serio eta sakonak eta, bereziki, ikusmolde metodologiko berriak falta direla onartu behar dugu. Eta, alderantziz, hunkiberatasuna eta presentismoa sobera ditugu”.
Urte hasieran Nafarroako Konkistaren V. Mendeurrena Oroitzeko batzorde
zientifikoa eratu zen eta duela zenbait urtetatik hona Nafarroa Bizirik
1512-2012 batzordea helburu beraren alde ari da lanean.


Nafarroa estatu independente gisa desagertu zeneko milurteko erdia
betetzeak, zalantzarik gabe, aukera ederra ematen digu komunitate gisa izan
dugun bilakaera baldintzatu duen gertakaririk garrantzitsuenetakoa ulertzen
saiatzeko. Baina horra iristeko, asko dago egiteko.


Hainbat mendetan gai hau tabua izan eta gero, mendeurrenerako bi urte baino
falta ez direnean, kontraoinean hartu gaitu. Gure helburua 1512 eta 1529
bitarteko urte traumatikoetan zer eta zergatik gertatu zen ulertzen
saiatzea baldin bada, halabeharrez, ikerlan serio eta sakonak eta,
bereziki, ikusmolde metodologiko berriak falta direla onartu behar dugu.
Eta, alderantziz, hunkiberatasuna eta presentismoa sobera ditugu.


Azken mendean, ekarpen gutxi egin zaizkio Boissonnadek (1893) eskainitako
gertakarien ezagutzari. Nik dakidala, azken urteetan ere (zenbait
unibertsitate propio izan arren) ez da gai honi buruzko doktore tesirik
egin. Material berriak ekarriko lituzketen monografikoak ere falta dira,
Esarterena salbu, baina meritu handiko lan horretan ere lanketa
sakonagoaren eta ikuspuntu berrien falta sumatzen da. Batzorde zientifiko
ofiziala bera diogunaren isla da: ikergai espezifiko hori duten
historialariak falta dira, Konkistaren ondorioen itzulpen eta azterketa
instituzionalez gain.


Ikuspuntu nafarretik egindako Konkistaren kontakizunik ere ez dugu. Correak
(1515) konkistatzailearen ikuspegi interesatua ordezkatzen du eta
Boissonnadek (1893) ikuspegi frantziar-biarnotarra. Biei esker, espainiar
eta frantziar armadaren rola nahiko ondo ezagutzen dugu. Baina, zer egin
zuten nafarrek? Konkista militarra gauzatu eta gero nafar askok beren
disidentzia ahantzarazi nahi izan zuten arren, informazioa badago. Eta ez
kanpoan –Simancasen, Pauen edo Bartzelonan–, Iruñean bertan baizik.


Historia idaztea ez da gertatu zen guztiaz idaztea. Beharrezkoa da,
ondorengo bilakaeraren berri izateak ematen digun erosotasunaz,
etorkizunerako funtsezkoak izan ziren gertaerak lehenestea. Eta historia
osoaren ikuspegitik egin behar da, aldaketa instituzionalez gain, aldaketa
ekonomikoei, sozialei, kulturalei, eta mentalitate aldaketei ere
erreparatuz.


Historia orainaldian taxutzen dugun iraganaren irudia baino ez da. Historia
aztertzean eta idaztean, ez zaigu gertatutako guztia interesatzen, eta gaur
egun nabarmenak iruditzen zaizkigun alderdiak hautatzen ditugu. Hala,
Historiaren funtzioetako batek gure oraina azaltzen laguntzea izan behar
du. Baina, adi, azaltzea bai, baina justifikatzea ez.


Gertakaria oroitzeko bi batzorde egoteak garbi islatzen du Nafarroaren
Konkista eta horren ondorio instituzionala –Espainiarekin anexionatzea–
jakin-min zientifikoaz harago doan gaia dela. Terminologiak berak –
konkista, menpekotasuna, anexioa, gehitzea– ezin argiago erakusten du gaia
oso politizatua dagoela. Beharbada, ezin du bestela izan, komunitate
honetan bi identitate kontrajarrietan eta, sarri, baztertzaileetan islatzen
diren oso bestelako bi proiektu politiko daudelako.


Zalantzarik gabe, konkista ez da gai erosoa identitate nafar-espainolista
duten alderdi politikoentzat. Nafarroa izanik Espainia ez zen Nafarroa bat
izateak, eta Espainiaren eta Nafarroaren arteko batasuna inposaketaren eta
bortxaren emaitza izateak beren axioma politikoen barrena jaten du.
Identitate nafar-euskalduna duten alderdientzat ere ez da errazagoa armada
inbaditzaileko kide gehienak euskaldunak zirela onartzea, Nafarroa
“kolaborazionistena” gaur egun euskaldunena den hori izan zela, orduko
Baskonian ez zegoela identitate nazional modernoaren izpirik…


“Beaumondarrak” espainolistekin eta “agramondarrak” independentistekin
parekatzea ere egungo ikuspegitik egiten den sinplifikazioa da. Ahaztu egin
ohi da beaumondar asko konkistatzaileen aurka aritu zirela eta agramondar
askok, aldiz, konkistatzaileari lagundu edo men egin ziotela. Ez da kontuan
hartzen 1518. urte inguruan belaunaldi aldaketa izan zela protagonisten
artean eta 1512-1521 urteetan pertsona eta leinu askoren jarrera aldatu
zela. Konkista onen eta gaiztoen, heroien eta doilorren film bihurtzea,
akats zientifikoa izateaz gain, bidegabekeria historiko galanta da.
Gizon-emakume horiek egoera jakin bati aurre egin behar izan zioten beren
bizitzetatik eta egoera zehatzetatik abiatuta. Gure garaiarekin alderatuta
zentzu guztietan oso bestelakoa zen garai hartatik ateratzea ez litzateke
bidezkoa izango.


Konkista, beraz, garai hartako gakoetan oinarrituta ulertu behar dugu,
ohiko alderdi politiko-militarrez gain, beste alor batzuk aztertuz eta
europar testuingurua aintzat hartuta. Ezin dugu ahaztu konkista bi plano
historikoetan gertatu zela: nazioarteko gerra modernoa eta Erdi Aroko gerra
zibila. Gainera, monarkia autoritario modernoen indartzearen, erreforma
protestantearen, errenazimentu kulturalaren, aurkikuntza geografiko handien
eta XVI. mendeko loraldi ekonomiko eta demografikoaren testuinguruan
gertatu zen. Konkista ulertu nahi badugu koadro osoari erreparatu behar
diogu.


Bi proiektu politiko eta identitate-erro oso bestelako dituen egungo
Nafarroan, baldintzak ez dira egokiak gure komunitate politikoarentzako
gertaera historiko funtsezkoenetakoa izan zenari buruzko eztabaida barea
burutzeko. Baina ahalegindu egin behar dugu. Lehen ahalegina, gertatu zena
jakitea da, aurreiritzirik eta betorik gabe. Eta bigarrena, gertaerak
zergatik jazo ziren azaltzen saiatzea, zehaztasunez eta ikusmolde zabalean
oinarrituta. Eta, hala, oraina hobeto ulertuko dugu.

Argia astekarian argitaratutako artikuloa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario